“Debabarrena STEAM”, eskualdeko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko eta bereziki nesken parte-hartzea bultzatzeko helburua duen ekimenaren barne, DEBEGESA Debabarreneko Garapen Agentziak, STEAM Debabarrena Foroaren eragileekin elkarlanean, hainbat ekimen antolatu ditu datorren otsailaren 11an ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna dela eta.

Egunean bertan, Debabarreneko ikastetxeei zuzendutako topaketa birtuala egingo da goizeko 10:30etan, “Zientziaz gozatu, dibertitu eta ikasi” lelopean. Topaketa honetan Maitane Alonso ikertzaile eta asmatzaile gazteak eta Valpat Youtubeko kanal ospetsuko protagonistak hartuko dute parte. Izen ematea hemen.

Maitane Alonso, elikagaiak nola kotserbatu ikertzen duen proiektu baten asmatzailea da. Hogei urte besterik ez dituen arren, hainbat sari jaso ditu, “Premio Hipatía: Talento joven en la ciencia”, “Premio Mujer Inspiradora Revelación 2019”, “Intel-ISEF Nazioarteko Lehiaketako” sariak edo “MIT Saria” (sari honengatik asteroide batek bere izena darama) besteak beste. Dibulgazio zientifiko eta teknologikoko hitzaldiak ematen ditu, eta ekitaldi nazionaletan zein internazionaletan parte hartu du.

VALPAT STEAM Youtube kanaleko partaideak, Valeria, 12 urteko youtuber zientzialaria eta Patricia, telekomunikazio ingeniariarekin dira. Youtubeko kanalaren helburua haurrak motibatzea eta inspiratzea da, teknologiaren eta robotikaren munduan sar daitezen eta mundu horretan zaletu daitezen. Teknologiako bideo dibertigarriak egiten dituzte, haurrek programazioko, robotikako, elektronikako, 3D inprimaketako eta matematikako proiektuekin ikasi eta gozatzeko. Valeria Corralesek  “Niña inspiradora del año” saria jaso zuen 2019an.

Mahai inguru bat antolatu dugu arratsaldean

Arratsaldean, eskualdeko hiritarrei zuzendutako beste topaketa birtual bat ospatuko da. ‘STEAM Emakumeak: zientziarekiko eta teknologiarekiko pasioa’ lelopean, eskualdeko emakume zientzialari eta teknologoen mahai-nugurua osatu da arratsaldeko 16:00etan honetan izena emateko, hemen. Bertan, 4 emakumek parte hartuko dute:

  • Amaya Igartua, materialen ekimenen koordinatzailea Teknikerren.
  • Ane Rubio, biokimika eta biologa molekularra.
  • Maialen Arrieta, astrofisika doktorea eta Sorbonne Unibertistatean gaixotasun neurodegeneratiboen bioinformatikaria.
  • Natividad Garcia, ingeniari elektronikoa eta Nabab Consulting-en sortzaile eta zuzendari exekutiboa.

Mahainguruaren dinamizatzailea Lorea Arakistain eibartarra izango da, PuntuEUS erakundeko Komunikazio arduraduna.

Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinak biltzeko helburuarekin, BPTD Makers-en webgunean, agenda bat ireki da Bertan, eskualdean antolatu diren ekintza ezberdinak ikusi ahal izango dira, eta hauen inguruko informazio guztia eskuragarri egongo da.